“Euskara ikasteaz gain, oso ondo pasatzen dugu!”

Inoiz ez da berandu euskara ikasteko! Hala erakutsi dute Sopelako ostalari eta dendariek. Udal euskaltegian hainbat talde ari dira egun jo ta su hasiera-hasieratik euskara ikasten. Etorkizunean euren komertzio eta tabernetan euskarazko oinarrizko elkarrizketak egiteko gai izatea da helburua. Baina hiztegia eta aditzen taulak ikasteaz gain, ederto pasatzen dute. Astelehen eta asteazken arrastietan, esaterako, Juncal, Mertxe, Rikar, Pepe, Maribel, Arantxa, Fernando, Mila, Iñaki, Marian, Ana, Oscar eta Amelia batzen dira, Aritza irakaslearekin batera. Baina badira zintzo-zintzo astero euskaltegira doazen beste dendari batzuk ere. Animoak denoi, ezina ekinez egina!

Noiz hasi zineten udal euskaltegira etortzen? Ikasturtea urrian hasi genuen, baina gutariko batzuen bigarren urtea da. Izan ere, batzuk iaz hasi ginen, baina aurten ikasle berriak gehitu dira taldera.

Eta zer dela eta erabaki zenuten euskaltegian izena ematea?Oinarrizko elkarrizketak ikasi nahi ditugulako. Gehienak dendariak gara, eta bezeroren bat dendara sartzen denean euskaraz hitz egiten, ez dugu ulertzen… Behintzat gutxienezko ulermena izan nahiko genuke. Gainera, gazteleraz esaten den bezala, euskara ikastea gure ‘asignatura pendiente’-a izan da.

Zer ikasi duzue orain arte?Elkarrizketa txikiak lantzen ditugu, egunerokotasunean kalean edo dendetan erabiltzen dena. Eta horretaz gain eremu honetako hiztegi zehatza ikasten dugu, aditzak… gauza asko! Eta horretaz aparte papata-tortillak eta pastelak jaten ere ikasi dugu, kar, kar! Izan ere, eskolara berandu etortzen denak zigor bezala askaria ekarri behar du! Eta gauza bera sakeleko telefonoak hots egiten badizu… beti izaten dugu askaritxoa!

Bistan da oso ondo pasatzen duzuela…Bai, euskara ikasteaz gain oso ondo pasatzen dugu. Oso giro jatorra dugu klasean. Sopeloztar guztiak animatu nahi ditugu euskaltegira etortzera, dendari edo ostalari izan ala ez. Primeran pasako duzue!

Eta animatu zarete jada zuen komertzioetan euskara erabiltzera?Beno, apurka-apurka, batzuetan sioux-ak bezala hitz egiten dugun arren, kar, kar! Lehen baino gehiago bai erabiltzen dugu behintzat!

Albokoa

Merkatarien Txokoa